20/12/5

Frappart, lehen emakumezko epailea gizonezkoen Txapeldunen ligan.



Txapeldunen Ligaren historian sartu zen bart Stephanie Frappart. Epaile lanak egin zituen Juventusen eta Kieveko Dinamoren (3-0) arteko partidan, eta gizonezkoen txapelketan lan hori egiten duen lehen emakumea bilakatu da horrela. 




Halere, jada bazen futbolaren historiaren parte. Frappartek 37 urte ditu, eta baditu aurrez ezarritako beste marka batzuk ere. Iaz, gizonezkoen Europako txapelketa baten epaile izan zen, Liverpoolen eta Chelsearen arteko Europako Superkopako partidan. Hori ez da bakarra. Frantziako Ligan ere aitzindari izan zen, Amiens eta Estrasburgoren arteko partidan, baita selekzioen arteko partidetan ere, Malta eta Letoniaren arteko Nazioen Ligako partidan. Goi mailako beste bi norgehiagokatan ere egin ditu arbitro lanak, Europa Ligakoak biak. Emakumezkoen futbolean, iazko Munduko Kopako finala epaitu zuen.

«Pribilegio bat, ohore bat eta ardura bat da. Espero dut nire ibilbideak emakume gazteei epaile lanetan parte hartzera bultzatzeko balio izatea», adierazi zuen iaz, elite mailan bere lehen urtea egin ostean.