17/2/5

Neskek eta mutilek ez dute antzematen genero-estereotipoek goi mailako ikasketen aukeraketan duten eragina, Emakunderen ikerlan baten arabera


Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunak goi-mailako prestakuntza hautatzeko orduan duen eraginari buruzko azterlana egin du. Azterlanaren arabera, neskek eta mutilek ez dituzte antzematen genero-estereotipoek aukeraketa honetan duten eragina eta euren garapen profesionalean dituen ondorioak. Inkestatutako neska-mutil gehienen iritzian, hautua nagusiki «gustuen» araberakoa da eta aukera-berdintasuneko baldintzetan hartu dute. Batxilergoko 2. mailako hamar ikasletik zortziren iritzian, erabakian pisu handiena duen alderdia norberaren gustua da («atsegin dut», «nire bokazioa da») eta emakumeek gizonen aukera berdinak dituzte ikasketa bat edo bestea hautatzeko garaian. (Azterlanaren laburpena)
32 ikastetxetako Batxilergoko 2. mailako 1.303 ikaslek, 105 irakaslek eta 140 gurasok hartu dute parte azterlanean.
Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak neska-mutilen ikasketa-hautuan lan egitearen garrantzia azpimarratu du, «lan-merkatuko, harremanen arloko eta gizarte-ordenako desberdintasunak gutxitzeko lagungarria izango delako». Landaidaren iritzian, «nesken heziketan, enplegua izan behar da muina eta eskubide eta betekizun indibidual gisa aurkeztu behar zaie; burujabetza ekonomikoa eskaintzen du, eta hori funtsezkoa da burujabetza pertsonalerako». Bestalde, mutilen kasuan, etxeko lanetan eta familia-arduretan erantzukidetasunez jokatzeari buruzkoak azpimarratu behar dira: «Funtsezkoa da ikasleek bere egitea produkzio-jardueren bermea erreprodukzio-jarduerak direlako ideia, oraindik orain batez ere emakumeak arduratzen direlako horiez. Emakumeek lan-, politika, gizarte- eta kultura-bizitzan baldintza berdinetan parte hartzea nahi badute, pertsonen zaintza eta etxeko lanak partekatzea ezinbestekoa dela ohartu behar dira».

Hautaketa baldintzatzen duten rolak eta estereotipoak
Azterlanak agerikoa zena egiaztatu du; generoaren araberako banaketa, «emakumea-andereƱoa-medikua» eta «gizona-ingeniaria-teknikaria» ereduak nagusi direna. Emakumeek gizonek baino neurri handiagoan aukeratzen dituzte Osasun zientziak, Arte eta Giza zientziak eta Gizarte eta Zuzenbide zientziak. Kontrara, gizonek gehiago aukeratzen dituzte Ingeniaritza eta Arkitektura alorrekoak (matrikula egindakoen % 70 baino gehiago gizonak dira).
Lan-arloa, desberdintasunen iturburu nagusia
Azterlanaren arabera, lan-arloa da desberdintasunen iturburu nagusia, konpondu gabeko arazo handia. Lan-arloan bistaratzen dira gehien belaunaldi horretako neskek eta mutilek trabei buruzko iritzian dituzten desberdintasunak. Neskentzat ez bezala, mutilentzat, lan-arloko oztopoak ez dira hain nabarmenak. Esaterako, Batxilergoko 2. mailako hamar nesketatik zazpik uste dute ez dituztela gizonen lan-baldintza berdinak. Mutilen kasuan, erdiak besterik ez dira uste horretakoak.
EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Planaren baitan egin da azterlana. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida-planari lotutako azterlana ere bada, izan ere, plan horren helburuetarik bat da ikasleei orientazioa ematea genero-baldintzatzailerik gabe hauta ditzaten ikasketak.